Mutrikun eta Agurainen elkarbizitza jorratzen hasteko lan ildoak adostu dituzte
Maiatza 20, 2013 Iruzkin bat utzi
Azken bi hilabetetan aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko prozesu parte hartzaileak burutu dira Agurainen eta Mutrikun. EMUNek gidatu ditu prozesu parte hartzaileak.
Mutrikun lan talde bakarrean egin dute prozesua, Agurainen berriz bi izan dira lan taldeak. Bi herrietako ordezkari politikoak oso pozik daude herritarren eta herriko gizarte eragileen aldetik jaso izan duten erantzunarekin, eta prozesuaren hasieran zein bukaeran beraien esker ona adierazi dute.
Mutrikuren kasuan, 22 pertsona bildu dira aniztasunaren inguruko hausnarketa honetara. Izan ere, prozesuaren hasieran, hausnarketari tarte bat egiten zaio. Migrazioak, aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko kontzeptu batzuk lantzen dira, eta bakoitzak ditugun jarrerak mahai gainean jartzen dira. Ondoren, herriari begira jarri dira eragile horiek guztiak, eta prozesuaren bukaeran helburu bat eta lan ildo batzuk adostu dituzte denen artean.
Mutrikun gaiak sortu duen interesa azpimarratzekoa da, bertako zein kanpoko pertsonek hartu dute parte eta zehaztu diren lan ildoak eta ekintzak kulturen arteko elkarbizitzan eta errespetuan elkarrekin lan egitera bideratutakoak izan dira.
Agurainen prozesua berdina izan da, baina bertan 38 izan dira parte hartzaileak, eta hori dela eta, bi lan talde aritu dira lanean. Lehenengo bi saioetan bi lan taldeak banatuta egon dira, eta azkeneko saioan, adostasunak lortzeko saioan bi lan taldeek batera egin dituzte lanak. Oso eragile desberdinek parte hartu dute prozesuan, baina hala ere ez da zaila izan adostasunetara heltzea.
Agurainen kasuan, oso adierazgarria izan da gazteen parte hartzea. Beste herrietan ez bezala Aguraingo gazteen eragileek parte hartze oso aktiboa izan dute.








